Aurkezpena

Hegoa, Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Intitutuak “Bestelako Unibertsitatea. Bestelako subjektuak, bestelako jakinduriak eta bestelako aliantzak Unibertsitate eraldatzaile batentzat” Jardunaldia antolatu du 2018ko apirilaren 19an, Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean (Sarriko, Bilbo).

Ekitaldi honen helburua da: hezkuntza kritiko eta askatzailearen proposamenaren inguruan UPV/EHU eta beste hezkuntza eta gizarte eragileen arteko elkargunean aurrera egitea.

Pertsona ugari ari da eremu askotatik praktika asko pentsatzen eta eraikitzen kapitalaren logiketan oinarritutako jakinduria ugaltzailearen eredua eztabaidatzeko saiakeran. Esperientzia eta ekimen hauek marginalak izateari utzi eta indarra eta presentzia irabazten ari dira, baita Unibertsitatean ere.

Jardunaldi honetan ekarpenak 3 lerro nagusiaren inguruan bideratuko ditugu. Honako hauek.

1. Lerroa Gizarte eraldaketarako esanguratsua den jakituria
Jakinduria esanguratsu bezala ulertzen dugu ikasleak –kasu honetan unibertsitate esparrukoak– egungo errealitatea ulertu eta hobetzeko ekintzak abian jartzeko gaitzen dituena, ikuspegi etiko eta askatzaile batetatik. Jakinduria hori definitzen duten ezaugarri nagusien artean daude honako hauek: ikasleen bizipen eta esperientziekiko lotura; eduki kognitibo eta emozionalak kontutan hartzea; jakindurien arteko elkarrizketa; ekintza askatzailean parte hartzeko etikoa eta politikoa denaren ikasketa; izaera feministadun tokiko-global ikuspuntutik errealitatera gerturatzea; eta, praktika eraldatzaileen garapenaren eta hauen aberastasunaren inguruan gizarte eragileak artikulatzea.

2. Lerroa Subjektu kritiko eraldatzailea
Subjektu kritikoa eraldaketaren subjektu bezala ulertzen dugu, euren bizitzetan eragina duten zapalkuntza anitzekiko kontziente izanik, prozesu eraldatzaileetan antolatu eta jarduten duten pertsona eta kolektiboak. Alde batetik, aintzat hartzen ditugu ikasleak, jakinduria propioa sortzeko gaitasunagatik, gizarte konpromezuagatik eta aldaketarako ekimenak zabaldu eta partekatzerako garaian duten rol biderkatzaileagatik. Beste alde batetik, oinarrizkoa da irakasleek duten paperari arreta jartzea, ez soilik izaera teknikoa duten jakindurien transmisore bezala, baizik eta profesional kritiko bezala.  Hausnartu nahi dugu subjektu kritiko eraldatzailearen eraikuntzan eragina duten prozesuen inguruan; subjektu honek bere rolaren kontzientzia nola hartzen duen; honek berdintasunarekin eta justizia sozialarekin hartzen dituen konpromisoen identifikazioaren inguruan; eta beste gizarte eragile batzuekin aliantza eta sareen garapenak prozesu hauek indartzeko dituzten gaitasunen inguruan.

3. Lerroa Unibertsitatea gizarte eraldaketarako espazio bezala
Egunetik egunera merkantilizatzaileagoak diren logiketan oinarritzen den hezkuntza baten aurrean, Unibertsitateak gizartean duen paperaren inguruko eztabaida atzeraezina da. Unibertsitateak aldaketa eta eraldaketarako eragile estrategiko izan behar duela ulertzen dugu. Unibertsitatea-Gizartea lotura indartzeak gizarte arazoei begira dagoen erakunde baten ideiara garamatza, zeinak –irakaskuntza eta ikerketatik– gizarte eraldaketari dagokionean nabarmentzekoa den jakinduriaren sorkuntzan arreta jartzen duen. Lerro honetan lekua dute gizarte berrikuntza prozesuen inguruko gogoeta edota esperientziek; unibertsitate eta gizarte eragileen arteko elkarlanak; Ikerketa Ekintza Parte Hartzaile proiektuak; ikaskuntza zerbitzu ekimen kritikoak; edo Unibertsitatea-Gizartea lotura aditzera ematen duten bestelako kasuak.

Izena emateko formularioa hemen eskuragarri duzu.


Agencia + GV junto

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Advertisements